Elorrio

Historikoa

ELORRIO – IBILBIDE HISTORIKOA

Ibilbide honi esker, Elorrioko historia ezagutu ahal izango duzu. Hiribilduko eraikin, jauregi eta lorategirik xarmangarrienak ezagutzeko parada izango duzu. Horrez gain, Elorrio inguruko landa-ingurune zoragarrian zehar ere ibilalditxoa luzatu dezakezu.

Ibilbidean zehar azalpen-panelak aurkituko dituzu, aintzinako Elorrio errazago ulertu eta irudikatzeko.

Gozatu!

IBILBIDEAREN FITXA

  • Zailtasuna: Erraza
  • Iraupena: egun erdia

1. JATORRIA

ETXEBARRIKO SAN AGUSTIN

San Agustin Auzoa, 46

Durangorako errepidean dago, Elorriotik 2 kilometrotara.
Etxebarriako San Agustin eliza ederra izen bereko auzoan dago.

Monasterio Varria izeneko jatorrizko eliza 1053an eraiki zuten Durangoko Lurraldeko konde-kondesek. Durangaldeko elizate handienetakoa izan zen.

XV. mendean berreraiki zuten ikusten dugun euskal gotiko estilora. Barruko aldean, erretaula plateresko zoragarria dago, San Agustinen irudia duela erdi-erdian. Seguruenik, Bizkaiko baliorik handikoenena da. Dorrea ere aipatzekoa da, oinplano karratuko egitura eder bezain lerdenekoa.
Kanpokoan, arkupe zabalak eliza osoa inguratzen du. Haren hegoaldean harrizko bi sarkofago zaintzen zituen kapera bitxia dago. Bertan, tenpluaren sortzaileen gorpuzkiak daude gordeta, esaten dutenez. Durangoko konde-kondesen momiak dira (1053an San Agustinen Monasterio Varria sortu zutenenak).

Ibilbide historiko honi hasiera emateko ezinbestean bisitatu beharreko eliza benetan ederra da.

JATORRIZKO HIRIBILDUKO ETXEAK

Kanpokale 8
Elorrioko hiribildua 1356an sortu zuen On Tello Bizkaiko jaunak. Hiriguneko lur zatiak bi kale paraleloren inguruan garatu ziren: egungo Kanpokale eta Errekakale. Gaur egun bere hartan ikusten da Erdi Aroko etxe-uharte haien antolamendua.

Hasieran, etxeak egurrezkoak ziren. Apurka-apurka harria erabiltzen hasi ziren, suteen ondorioz etxeak berehala desagertu ez zitezen, eta eraikinak garaixeagoak izan zitezen.

Irudian, baduzu Elorrioko lehenengo etxeak nolakoak ziren ikusterik. Ez zeukaten ez kristalik, ez leihorik, ez trenkadarik, ezta tximiniarik ere. Hori dela eta, leihoetatik hurbil egin behar izaten zuten sua. Beltz baino beltzago egoten ziren etxeko hormak zein sabaiak.
Garai hartako etxe baten irudia ikusi ahal izango duzu Kanpokalea kaleko 8an dagoen azalpen-panelean.

2. ATEAK

KANPOKALEKO ATEA

San Pio kalea

Elorrioko hiribildua sortu zenean, defentsarako harresiaz inguratu zuten. Hasieran egurrezkoa bazen ere, iraunkorragoa eta sendoagoa zen harrizkoa egin zuten urte batzuetara. Harresiko 6 ateetatik soilik sartu edo irten zitekeen hiribildutik. Horietatik guztietatik, bi baino ez dira geratzen gaur egun: Kanpokaleko Atea, argazkikoa, eta Elbira Iñurrieta kantoiaren ondoan ikusgai dagoen arkua.

Kanpokaleko Atearen sarbidearen gainean, errege-erregina katolikoen armarria dago. Granadako setioa baino lehenagokoa da, eta Gaztela eta Leongo, Aragoiko nahiz Siziliako armak agertzen dira bertan.

Antza denez, ohikoa zen ate bakoitzaren alboan ateak berak omentzen zuen santuaren edo Andre Mariaren irudia jartzeko horma-hobia egotea.

Haietako batzuk oraindik ere ikus ditzakegu harresi desagertuaren ondoan zuten kokapen berean.

Elorrioko harresiko ateak

San Juan atea:

Eraikina berria bada ere, Errekakaleko 3. zenbakiaren parean San Juanen irudia dago, horma-hobian jarrita.

Uribarriko Andre Mariaren atea:

Andre Mariaren irudia Errekakaleko 34. zenbakian dago, horma-hobian jarrita.

San Anton atea:

Kanpokaleko 11. zenbakian horma-hobia dago, irudirik gabe.

Arrosarioaren atea:

Eraitsi eta gaur egun Arriola kalea zeharkatzen duen hiru arkuko monumentu oroigarria eraiki zen. Arkuen gaineko horma-hobia bere horretan utzi zuten eta ez dauka irudirik.

Bide batez, alboan dagoen Santa Ana gurutze ederra ere ikusi dezazun gomendatzen dizugu.

3. UNE HISTORIKOAK

1480ko SUTEA

Errekakale 18

Elorrioko jatorrizko hiribilduko etxeak egurrezkoak ziren. Alboko etxeekin partekatzen zuten mehelina, eta etxe-uharteak eratzen zituzten. Beraz, suteren bat pizten bazen, oso erraz hedazten zen. Ondorioz, askotan, lerrokadaka etxe guztiak kiskaltzen ziren.

1480ko sutea Juan de Uriaren etxean sortu zen, egungo Kanpokalen.

Ezagutu itzazu garai hartan suteak itzaltzeko erabiltzen zituzten metodo bitxiak, eta jakizu zergatik ixten zituzten harresiko ateak sutea hasten zenean.

Errekakaleko 18ko azalpen-panelean aurkituko duzu erantzuna.

ELORRIOKO MEMORIA IBILBIDEA

Hona hemen Gerra Zibileko gertakari eta lekuak jasotzen dituen mapa. Leku horiek bisitatuz gero elorriarrek Gerra Zibilean bizi izan zutena ezagutzeko aukera izango duzu.

ELORRIOKO BATAILA

Arriola kalea (errekaren alboan)

1468ko otsailaren 21ean, Ibarratarrak eta Marzanatarrak boterea lortzeko borrokatu ziren “Elorrioko batailan”. Borroka hartan, Muxika, Butroi, Arteaga eta Zarateko etxeak izan ziren oinaztarren bandoko Ibarratarren aliatuak, eta, horrez gain, Santillanako markesak lagatako 300 mertzenarioren laguntza ere izan zuten.

Ganboatarren bandoko Marzanatarrek,  berriz, Avendañotarren, Haroko kondearen, Velascotarren eta Salinasko kondearen 150 zaldunen laguntza jaso zuten.

Erdi Aroko bataila handienetakoa izan zen, bertan mila gizon baino gehiago hil ziren-eta. Nahiz eta irabazle bakarra egon, bi alderdietako bajak ugariak izan ziren, eta lutoa nagusi izan zen hiribilduan, hildakoen arteko hainbat senide eta adiskide baitziren.

Bataila handia nork irabazi zuen jakin nahi baduzu, Arriola kalean kokatutako panelean daukazu erantzuna.

ERDI AROKO DORREAK

Arriola kalea (errekaren alboan)

Dorretxeeen erabilera nagusiak etxebizitza eta defentsarako lekua izatea ziren. Aldi berean, eginkizun soziala ere bazuten, jabeen prestigioaren erakusgarritzat eraikitzen baitzituzten Jauntxo beldurgarriek. Zerbaitengatik honakoa zuten lelotzat: “Zeruan, Jaungoikoa; eta lurrean, gehien daukana”.

Besteak beste, honakoak ziren bertako dorrerik ezagunenak: Urkizu, Ibarra, Otsa eta Esteibar. Gaur egun, dorretxe horiek zutik irauten ez badute ere, izen bereko jauregiak badaude, eta eraikinok familia horien aberastasunaren zein gizarte-mailaren adierazgarri dira.

Urkizu jauregian (Arriola kalearen eta Errekakalearen arteko kantoian), gainera, Urkizu dorretxeetako baten jatorrizko atea ikus daiteke.

Dorretxeei buruzko informazio osagarria duzu Arriola kaleko panelean.

Antzinako ogibideak Elorrio

ANTZINAKO OGIBIDEAK

Berrio Otxoa 43

Aktibitaterik handieneko kalea eta jendetsuena Errekakale zen. Artisauak euren etxeen aurrean esertzen ziren, lan egiteko eta trukaketetarako.

Erdi Aroko hiribilduko lanbide guztien artean olagizonak eta errementariak ziren aipagarrienak gizartean garrantzia ekonomiko eta politikoa baitzuten. Burdinaren artisautza burdinaren industria bihurtu zen urteen joan-etorriarekin, eta bertan ekoitzitako produktuak tokiko kontsumorako ez ezik, penintsulako, Europako eta Ameriketetako hainbat lekutara esportatu ziren.

Hartara, hiribildua sorrarazi zuen ibilbide komertziala sustatzeko helburua guztiz bete zen.

Elorrioko ofizio tradizionalak Berrio-Otxoa kaleko 43ko azalpen-panelean deskubrituko dituzu.

4. JAUREGIAK

ELORRIO -Jauregia-Arespakotxaga
Arespakotxaga jauregia

Arespakotxaga Jauregia

Kanpokale

1620an, Martín de Arespakotxagak hiribilduko antzinako hiru lursailen gainean jauregia eraikitzeko agindua eman zuen, eta, horretarako, harresia eraitsi behar izan zen. Hori dela eta, jauregia harresiko ateetako bati atxikita dago: Kanpokaleko atea (harresiko 6 irteeretako bat).

Gaur egun, bi ate baino ez daude bere horretan, aipatu berria eta Ibaiko atea (Iñurrieta kalearen amaieran, ibaiaren alboan dagoena).

Ingura ezazu jauregia, eta erreparatu atzeko fatxadako lau arkudun egutera ederrari, gutizia arkitektonikoa da-eta.

Arespakotxaga Txikia izeneko etxea, era berean, jauregiaren parte zen. Zerbitzariek baino ez zuten erabiltzen, eta, bertan, Kantarik Ederrenaren honako bertsoa dago irakurgai: “Sub umbre illius quem desideraveram sedi” (desiratu nuenaren gerizpean eraiki nuen); izan ere, ohorea da halako jauregian sikieran ondoan egotea.

Eraikinaren izkinan, familiaren armarria ikus daiteke. Armarriak, hain zuzen ere, Bizkaian jaiotakoei foruak emandako kaparetasunaren eta familien posizio sozialaren lekukotasuna ziren.

Arespakotxaga Azkarraga

San Pio Kalea

Jauregi barroko bikaina da. Juan de Arespakotxaga y Azkarragak eman zuen eraikitzeko agindua, 1666an, familiaren orube zahar baten gainean. Lorategira begira dauden hiru arkuak ezin ederragoak dira. Fatxadan bertan, lautan banatutako armarria nabarmentzen da. Atal (kuartel) bana abizen bakoitzeko: Arespakotxaga, Azkarraga, Andueza eta Urkizu.

Jauregia eraikitzean, Durangorako bidea iparralderantz desbideratu behar izan zen apur bat.

Arespakotxagatarren leinuak dirutza egin zuen Udalatx menditik atera, eta Andaluzian eta Indietan merkaturatutako burdinari esker.

Arespakotxagako Juan Bautista Santiago ordenako zalduna eta Felipe IV.a erregearen idazkaria izan zen Bizkaiko Gerra Kontseiluan. Familia horretako zenbait kidek, gainera, Baezako setioan borrokatu zuten; beste batzuk, berriz, Santiago zein Alcántara ordenetako zaldunak izan ziren, bai eta Elorrioko alkateak ere, behin baino gehiagotan. Beraz, kargu eta negozio horiei esker aberastu zen familia. Aberastasun horren adibidea zeure begiez ikusi ahal izango duzu.

Armarria: Elizburu kalea, Santa Ana komentuaren aurrean.

Lorategia eta galeria: San Pio kalea.

Leku horretan, jauregi barrokoei buruzko panela ere badago ikusgai.

Elorrio Txelu Angoitiaren argazkia

Zearsolo Jauregia edo “Casa Jara”

Berrio-Otxoa 2 / Elizburu kalea,  lorategia ikusteko.

Elorrio erdiguneko jauregirikikusgarriena da honekoengatik: neurria, burdinsareak, sarrera, armarriak eta atzealdeko lorategia. Denboran oso banatuta dauden bi esku-hartzeren emaitza da eraikin eder hau.​

Berrio-Otxoa kaleko fatxada XVII. mendeko jatorrizko jauregiari (Zearsolo) dagokio, eta zurrunagoa da. Plazara begirako fatxada, ostera, 1934koa da, hau da, 300 urte beranduago eraikitakoa.

Bien arteko alde nabarmena ikusiko dugu. Zoaz lorategiaren atzeko aldera (goiko Elizburu kalera). Bigarren solairuan, hiru arku zoragarri nabarmentzen dira, eta fatxadaren zati bat landare igokariz estalita dago. Zoragarria benetan!

ARMARRIAK

Armarriei buruzko informazioa zabaltzeko, ezagutu gure ibilbide heraldikoa.

Urkizu Tola Jauregia

Elizalde 1

Urkizu Tola Jauregia hiria eta landa mugako hiriguneko etxe handien adibide ona da. Elgetatik Elorriorako sarreran dagoen bidegurutzean dago.

1900. urtearen hasieran, Tola de Gaytan markesak egin zuen azken eskuhartze handia jauregian. Izan ere, kokapena ezin hobea zenez, balkoi eta begiratoki zoragarriak dituen etxea egin zuen, lorategiko eremu naturala gozatu ahal izateko.

Hasierako obra Agustín de Urquizu kapitainak sustatu zuen, 1677an.

Jauregi hau Bizkaiko bizitegi-arkitektura landu barrokoko eraikin nabarienetakoa da.

Gure hiribilduaren historian zehar egin dugun ibilbideaz gozatu izana espero dugu.

Urkizu Aldatsekua Jauregia

Ibaikua 7

Gaur egun udal jabegokoa, jubilatuentzako aisialdi-etxe moduan erabiltzen da. Mendearen hasieran eraiki zen, erretako Urkizutarren baserria ordezkatzeko.

​Eguna beroa bada, lorategiko zuhaitzen gerizpean babestea gomendatzen dizugu. Lorategi erromantiko klasikoen ezaugarriak ditu: putzua, bidexken trazatua eta harresien ezaugarriak. Lorategi honen iraganeko distiraren erakusgarri dira.

Jaietako herri-bazkari handiak egiten dira lorategi honetan: “Sukalki eguna” eta koadrillen bazkaria.

Lorategian, urrunetik ekarritako ehun urtetik gorako zuhaitzak daude; esate baterako, Himalaiatik ekarrita eta eraikineko eskaileran ikusten dugun zedro handia.

Bainuetxeak

Kurutziagako gurutzearen ondoan. Berrio-Otxoa kalearen amaieran.

XIX. mendearen hasieran, bi bainuetxe sortu ziren Elorrion, udalerrian zeuden ur sufretsuen 5 iturriak, eta burdin uraren beste zenbait iturri ere, oso kalitate onekoak zirelako. Berehala, burges dirudunen artean modan jarri ziren, eta orduko atzeraldi ekonomikotik irteten lagundu zioten hiribilduari.

Belerin Bainuetxea edo “Baños Nuevos”, aurrez aurre daukagun Besaide enpresaren gaur egungo kokaleku berean zegoen. Elorriora trena heldu zenean, bainuetxeetarako bidea erraztu, eta bisitarien kopurua ugaldu egin zen.

Hirietatik zetozen turistek euren argazki-kamerak ekartzen zituzten, eta, horri esker, garai hartako Elorrioko argazki ugari ditugu.

Bainuetxeen azalpen plaka Olazabal Jauregiaren (Modet) eta Urkizu Aldatsekua Jauregiaren artean dago, Kurutziagako gurutzearen ondoan.

Olazabal_Modet

Olazabal Jauregia edo “Modet”

Elizburu 46

1890eko jauregi aristokratiko honetan, goi-mailako gizarteak ospakizun paregabeak egiten omen zituen. Bertako lorategi zabala ezin egokiagoa zen horretarako.

​Kalitate handiko egoitza aristokratiko honen fatxadan, estilo britainiarreko zaldizain bitxia dago. Sarbidearen gainean dagoen zaldi-busto landuak adierazten digu zaldizainaren kokapen zehatza.

Eraikinaren albo batean Olazabaltarren armarria dago.

Jauregiaren alboko kale osoa Elorrioko antzinako probaleku moduan erabiltzen zen; eta, gaur egun, azoka-lekua da. Bertan, ganadu-azoka egiten da Ferixa Nausikoetan.

Ibilbidearen osagarri, Berriozabaletako iturria eta bertako bista panoramikoak, eta Argiñetako hilerria ere ezagutu behar dituzu, Elorrioko hirigune historikotik hurbil-hurbil dauden bi leku liluragarri dira-eta.

elorria

Informazioa Zabalduz…

Elorrio

Beste proposamen batzuk…

BISITA GIDATUA

Elorrioko kaleak sakonki ezagutzeko bisita gidatua

Bisita gidatuak Elorrio Visitas guiadas

BERRIO-OTXOA IBILDIDEA

Berrio-Otxoako San Balentineri buruzko ibilbidea Elorrion zehar

GURUTZEEN IBILBIDEA

Elorrioko gurutzeetatik ibilaldia

ARGIÑETAKO NEKROPOLIA

Euskal Herriko Erdi Aroko hilobi-multzo garrantzitsuena.

elorria
logo-elorrio-turismo

NEGUKO Ordutegia

Irailaren 1etik - maiatzaren 31ra

Astelehena: itxita
Asteartetik Ostiralera:
10:00 - 14:00
Larunbata eta jai egunak:
10:00 - 14:00 eta 16:00 - 18:00
Igandea: 10:00 - 14:00

TURISMO BULEGOA

Berrio-Otxoa kalea, 1
48230 Elorrio (Bizkaia)

SARE SOZIALAK

Turismo Etikoa Euskadi
×