Argiñetako
Nekropolia
Bizkaiko arkeologiaren esparruan lehen mailako ondare-elementua denez, ezinbestekoa da Erdi Aroko populaketa ezagutzeko.
Argiñetako gaur egungo irudiak ez dauka zerikusirik Goi Erdi Aroan zeukanarekin. Izan ere, orduan, Durangoaldeko beste hainbat kasutan bezala, eliza txikiaren inguruan kokatutako nekropolia zen, eta kalitate desberdinetako ehorzketak barne hartzen zituen, erkidegoko kideen ospe sozial eta hierarkiaren arabera. Hain zuzen ere, beheragoko mailakoak lurrean indusitako hilobietan lurperatzen zituzten, eta, gaur egun ere, badago haien lekukotasunik.
Nekropoli honek, ostera, badauka xarmarik, baselizaren barruko aldean nahiz kanpoko aldean elkartuta dituen hilarri eta hilobi guztiak kontuan hartuta. Haiei esker, K.o. VII. eta VIII. mendeetakoa dela jakin ahal izan dugu, nahiz eta pieza batzuk, inskripzioa dutenak, batez ere, IX. mendekoak izan daitezkeen. Hilarrion balio historikoa Ipar Pirinioetako beste testuinguru batzuetan aurkitutakoen parekoa da, Argiñetako nekropoliak antzekotasun ukaezinak dituelako haiekin.
Horretarako, esangura astraleko morfologia diskoidala eta apaingarriak gogoratu besterik ez dago, tradizio luzearen oinordekoak direlako. Horrez gain, Argiñetako zenbait inskripzio Bizkaiko eta, beharbada, Euskadiko kristau inskripzio zaharrenetakoak omen dira. Hori guztiori dela eta, orain dela zenbait hamarkada kristautasunaren agerpenak nahiz hedapenak sorrarazitako interesek ere eragina izan zuten nekropoli honetan.
Edonola ere, gaur egungo zundaketetako emaitzen arabera, badirudi tratamendu tematiko berria ezarri beharra dagoela Argiñeta inguruan eta, kristautasunarekin barik, Goi Erdi Aroko populaketa-dinamikekin lotu beharra dagoela. Izan ere, karbono 14 bidezko azterketetara bidalitako hiru laginek K.o. X. eta XII. mendeen arteko kronologia agertzen dute, IX. mendera ere aurreratu daitekeen arren. Hau da, 2010ean indusitako zutoin-zuloak gutxienez mende horietan eraikitako eraikinetakoak dira. Horren ondorioz, baieztatu egin da Goi Erdi Aroan eta Erdi Aro bete-betean okupazioa egon zela Argiñetan.
SAN ADRIAN BASELIZA
San Adrian baseliza XVI. mendean berreraiki zuten, eta, horren ostean, zenbait aldiz zaharberritu dute. Bertan, XVII. mendeko harri-zola nabarmentzen da, ageri-ageriko balio artistikoa dauka-eta.
Hasierako auzuneetako baselizak eginkizun erlijiosoak betetzen zituen, baina, horrez gain, hildakoentzako ehorzlekua eta erkidegoarentzako bilgunea ere bazen, arazoak edo gai zibilak jorratzeko orduan. Erkidegoaren eremu erlijioso eta zibila kofradia zen (frade = anaia).
Herrixka horietan, eliza elementu biltzailea zen. Erreferente kolektiboa zen: eraikin publiko eta seguru bakarra zen, eta, elizkizunen ostean, bizilagun guztiak kontzejuan batzartzen ziren bertan, baterako erabakiak hartzeko.
Lurraldea antolatzeko modu horrek aldaketa handiak izan zituen 1050. urtetik 1200. urtera bitartean; garai hartan, izan ere, gaur egungo udalerrien berehalako aurrekariak diren elizateen sorreran lehenengo urratsak eman ziren.
HILOBIAK ETA EUREN INSKRIPZIOAK
Bi atal dituzte: pieza bakarreko kaxa antropomorfoa, eta teilatutxo moduko triangelu erako estalkia. Era guztietako neurriak dituzte, eta, batzuetan, bi elementuak ez datoz bat.
Interesgarrienak ezkerreko ilarako bigarrena eta hirugarrena dira, haien estalkietan irakurgai dauden bi hileta-inskripzioak Bizkaiko kokaleku kristauen agerpenari buruzko lekukotasun idatzi antzinakoenak direlako.
Honako hauxe agertzen da bigarreneko inskripzioan: “Obiit F(a)m¯ (u)l(u)s d¯ (e)i Paterna XVII k(l)ds Augustas” (Paterna, Jaungoikoaren mirabea, hil zen Abuztuko Kalendetako 17an).
Bestetik, honako hau azaltzen da hirugarreneko inskripzioan: “In De(i) Niomine Momus in copore bibentem /in era DCCCCXXI mi fecit/ ic dormit” (Jaungoikoaren izenean, Momus gorputz-bizitzan / 921. aroan (883. urtean) egin ninduen / Hementxe dago lotan”.
Bildutako hilobien batez besteko luzera 2 metro ingurukoa da: hamahiru kaxak neurri hori gainditzen dute; eta zazpik, ez. Dena dela, 1,83 metro baino gehiago dituzte. Barruko hutsarteen luzera (ehortzitako gizabanakoen altuerara modu erlatiboan hurbiltzeko aukera ematen dute) 1,63-1,97 metro artekoa da; sakonera, 0,32 metro ingurukoa; eta zabalerak, 0,60-0,70 metro artekoak.
Hutsarte antropomorfoko eta bainuontzi-kanpoaldeko kaxa batek bakarrik darama piezaren ezkerreko alboko perimetroa zeharkatzen duen ebakidura bakunaren bidez lortutako dekorazioa. Gaur egun oso galduta badago ere, zerra-hortzez beteta egon zen seguruenik, eta orla perimetral hozkatua eratuz, hilarrietan gertatzen den bezala.
Oizeko hareharria
HILARRIAK
Multzoa baselizaren barrualdean dauden hamahiru piezaz osaturik dago. Kanpoko aldean, interesgarrienen bost kopia daude ikusgai. Haietako lau diskoideoak dira (70 zentimetro inguruko diametroa daukate); eta bat, triangeluarra.
Lehenengoetan, buru obalatu handiak nabarmentzen dira, buru estuetan bermatuta daudenez haien itxura antropomorfoa areagotzen dutelako. Irudikatutako ikonografia astrala da funtsean (zirkulu zentrokideak, luzapen erradialak, gurutze-formakoak, orla hozkatuak…). Izan ere, tradizio luzetik heredatutako apaingarriak dira nagusi, baina VI. mendearen amaierara arte lurraldean ezezagunak ziren Ipar Pirinioetako berezko eskema mentalen arabera daude interpretatuta.
Informazioa Zabalduz…
Elorrioko Planoa
Monumentu multzoa
Argiñetari buruzko fitxa
ITURRIA: Bizkaiko Foru Aldundia eta Elorrioko Udala
Borobildu zure bisita
BISITA GIDATUA
Argiñetako nekropolia sakonki ezagutzeko bisita gidatua
BERRIO-OTXOA IBILDIDEA
Berrio-Otxoako San Balentineri buruzko ibilbidea Elorrion zehar
NATURBIDEAK
Elorrioko nekazal auzoetatik ibilbideak
BASILIKA
Ezagutu Sortzez Garbiaren Basilika
NEGUKO Ordutegia
Irailaren 15etik - maiatzaren 31ra
Astelehena: itxita
Asteartetik Ostiralera:
10:00 - 14:00
Larunbata eta jai egunak:
10:00 - 14:00 eta 16:00 - 18:00
Igandea: 10:00 - 14:00
TURISMO BULEGOA
Berrio-Otxoa kalea, 1
48230 Elorrio (Bizkaia)